MATRIKULARI UKO EGITEA

2013ko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoa AGINDUAREN arabera:

1.– Edozein ikaslek egin diezaioke uko matrikulari. Horretarako, matrikula egin duen urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du uko egiteko eskabidea ikasleak. Bidezko arrazoirik izan gabe matrikulari uko egin eta hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu nahi badu, ikasleak onartze-prozesuan parte hartu beharko du berriz ere. Pertsona bati ohiz kanpoko matrikula egiteko aukera eman bazaio, eta horri uko egiten badio arrazoi justifikaturik gabe, ezin izango du berriz ohiz kanpoko matrikularik eskatu hurrengo ikasturteetan hizkuntza eta kurtso bererako.

2.– Abenduaren 31tik hurrengo urteko apirilaren 30era bitarte, ikasleak deialdiari uko egin diezaioke soilik gaixotasun larriren bat, garrantzi handiko istripuren bat edota beste jazoera larri eta bat-batekoren bat izan badu. Horrela bada, uko egiteko adinako arrazoia dela onartu beharko du zuzendaritza-taldeak, eta Ordezkaritza Organo Gorenak oniritzia eman. Arrazoi horien artean sartzen dira etxez aldatzea, lantokiz aldatzea edo ikasleak ikasketa ofizialak egiten dituen tokia aldatzea, baldin eta aldaketa horien ondorioz ikasleak ezin badu matrikulatuta dagoen eskolara joan.

3.– Edonola ere, matrikula-deialdiari uko egiteko eman den arrazoia egiazkoa dela frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, egoki diren eta zalantza guztiak uxatuko dituzten egiaztagiriak aurkeztuko ditu ikasleak matrikulari uko egiteko eskaerarekin batera. Egoki diren ondorioak izan ditzaten, ikastetxeak gordeko ditu eskaera-orriak nahiz aurkeztutako agiri guztiak.

4.– Maiatzaren 1etik aurrera, ordea, istripu edo gaixotasun larriren bat izan eta gertakizun hori egoki justifikatu duten ikasleek soilik egin ahal izango dute uko. Uko egiteko eskaera onartzeko ezinbestekoa da ikaslearentzat guztiz ezinezkoa izatea azken ebaluazioko probak egitera joatea, eta ordurako ikasleak proba horietakoren bat egin ez izana.

5.– Artikulu honetan jasotako arrazoiengatik ikasleak matrikulari uko egiten badio ere, ez du ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan jasotzeko eskubiderik izango.



Artxiboak nola deskargatu

Artxibo batzuk PDF formatuan dauzkazuPDF.
Acrobat Reader behar duzu ireki ahal izateko. Ez badaukazu, hementxe deskargatu.